XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

b) Historia

Historiarik ez dago.

Denboraren barnean gertatzen diren gertakizunak hari batez lotzea ez da zientzia.

Gertakizunak horixe dira: gertakizun soil.

Etengabeko bilakaeraz, bere itzulinguru eta atzera-aurrerekin, mamituz eta ehotuz doan zentzu historikoa mitoa da.

Historian ezin daiteke federik izan.

Histori zentzu honek badu bere itzulpen erlijiosoa (probidentzia) eta laikoa (gizona, historiaren jabe).

Progresismoak historia ebolutibo hipotetikoaren zentzuan idoro nahi du bere oinarria.

Baina honek ez du idorotzailearen ametsetan duen errealitatea besterik.

d) Hizkuntza Iraultzailea

68ko maiatzean proposatzen zen bezalako hizkuntza iraultzailerik ez dago.

Hizkuntza ez da zapaltzaileek eta zapalduek politika egiteko darabilten lanabesa.

Hizkuntza agintea da.

Gramatika, boterearen zientzia.

Gauza jakina da hizkuntzaren regulapena arimen regulapenerako propedeutikarik onena dela.

Bada boterearen zientzia idiomatiko bat, menderapenaren aljebra bat, ez dago politikarik lehen lehenik linguistika ez denik.

Ez dago hizkuntza zapaltzailerik eta askatzailerik.

Zapaltzaileek eta zapalduek hizkuntza berbera darabilte.

Hitza, hizkuntza, elkar komunikatzeko, gizarte harremanetarako da.

Eta gizarte harremana gerra da, kontrako indarren gerra.

e) Sozialismoa

Sozialismoaren beharra errealitatearen erraietan dagoela esan ohi da, botereari ihes egingo liokeen errealitaterik balego bezala.

Baina errealitaterik ez dago.

Botereak sortzen du errealitatea.

Berak ebaki eta taxutzen du gogoak ematen dion bezala.

Botereak komeni zaion bezala errealitatea ikusten, interpretatzen eta sailkatzen du.

Boterearen jabe den Nagusiak ez dio errealitateari kasorik egiten.

Ez da errealista, ordenu egiazko baten morroi.

Nagusi sozialistak ere ez du munduaren ordenurik errespetatzen.

Ez dio honi obeditzen.

Munduaren ordenua Nagusia da.

Honek asmatzen du hura.

Progresistak ez dira jabetzen, Nagusiaren umiltasun faltso horren azpian dagoen aginte irrika demiurgiko harrigarriaz.

f) Estatuaren desagerketa

Hau da beste mitoa.

Instituzio politikoak sortu aurretiko natura neutrorik ez bait dago.